Elbarritasuna onartzea ez da erraza. Granerok urteak behar izan ditu. Pixkanaka eragin nahi du orain hainbat aldetan, bereziki elbarrietan. «Zoriontsu izan daiteke elbarritasunarekin».
2015-11-11 / Jone Amonarriz
Minkin bizitzen ikasi du Jesus Granerok (Rio Grande, Argentina, 1980). 6 urte zituela istripu larri bat izan zuen. Berriz oinez ibiltzea lortuagatik, hainbat arrasto utzi zizkion ezbeharrak hanketan eta bizkarrean. Larriena, etengabeko mina. «Autosuntsiketaren eta aurrera egitearen bidegurutzean», bere buruaren kontrola hartzea erabaki zuen. Elbarritasunaren onarpena izeneko tailerrak ematen ari zaie elbarri fisikoei Donostian. Pertsonen ahalmenetan sinesten du, kanpoko faktoreetan baino gehiago.
Elbarritasuna onartzea 25 urte kostatu zaizu. Nola bideratu gainerakoak erabaki hori hartzera?
Elbarritasuna onartu nahi duten pertsonek beren borondatez ekiten diote bideari, prest daudelako aldaketa egiteko. Nik 25 urte behar izan nituen. Egoera guztietatik pasatu nintzen: ukoa, gorrotoa, negoziazioa, depresioa eta, azkenik, onarpena. Nire egunerokoan presente izateari utzi zionean jabetu nintzen elbarritasuna onartu nuela. Introspekzio ariketa sakon eta luze baten ostean izan zen: elbarritasunari aurre egin nionean eta medikamentuak hartzeari utzi nionean, aldi berean. Medikuntza tradizionaletik at zeuden alternatiben bila hasi nintzen. Izugarri hobetu nuen osasunean eta autoestimuan.
Medikuntza tradizionalean sinesten duzu orduz geroztik?
Medizinan sinesten dut. Ez dut sinesten sistema medikoetan. Ez dut sinesten jendea axola ez zaion estruktura horretan —medikuak, farmaziak, lobby-ak eta ministerioak—. Medikuntzak pertsonez arduratu nahiko balu, askoz gehiago egingo luke. Nik uko egin diot medikuntza tradizionalari, eta geroztik hobeto bizi naiz. Baina horrek ez du esan nahi mundu guztiak hori egin behar duenik.
Zein da zure tailerren mezua?
Elbarritasuna onar daitekeela, baldintza bat dela, ez baldintzatzaile bat. Harekin ere bizi daiteke, eta zoriontsu izan. Ez dezagun ahaztu duela mende erdi bat arte elbarriak giltzapeturik egoten zirela. 1980an Paralinpiar Jokoak egin zituztenean Moskun, Sobietar Batasunak esan zuen han ez zegoela elbarririk. Pentsa. Gauzak asko aldatu dira. Iritsiko da eguna guztiok elkar onartuko duguna.
Integrazioak eta berdintasunak huts egiten dutela diozu.
Lau ardatz daude: aterrizara, inklusibotasuna, integrazioa eta berdintasuna. Lehena existitzen da: hezkuntzan, lan munduan... Herrialde hau aitzindari da horretan. Inklusibotasuna ikusten ere hasi gara. Baina azken biak ez dira existitzen. Integrazioari dagokionez, askotan sinesten dugu ardura elbarriak ez diren pertsonena dela, baina zati handi bat elbarriarena da. Barrera mental asko daude bi aldeetan. Muga horiek integrazioa oztopatzen dute. Eraisten ditugunean beteko dugu helburua. Orduan lortuko dugu berdintasuna, batzuen eta besteen arteko ezberdintzeak albo batera uztean. Dena dela, norberak ez badu bere burua onartzen, ez da integratuko, eta ez bada integratzen, ez da ezeren pare sentituko.
Nola ematen da lehen pausoa?
Lehena eta garrantzitsuena aldaketa da. Onarpena jarrera aldaketa gisa ulertu behar da. Eta aldaketak beldurra ematen du: ezerezera salto egiteak, beste bide bat hartzeak, jende berriarekin harremanetan hasteak... Adore handia behar da aldatzeko. Oso gai delikatua da, baina hori da tailerretan lantzen dudan lehen oinarria: aldaketarako nahia piztea. Igandean, Behobia-Donostia lasterketan pertsona bat makuluekin korri egiten ikusi nuen. Hanka bat falta zuen. Hori da onarpena.
Onarpen hori inguruak ere baldintza dezake. Konforme zaude instituzioen lanarekin?
Oro har, oso paternalistak gara. Guztia instituzioen esku uzten dugu. Ezin gara euren zain egon, eta ezin dugu ezer ere espero. Gizartean pertsona guztiak berdinak izatea eta aukera berak izatea; hori da instituzioen rola.
Betetzen dituzte ardura horiek?
Ez. Baina ezin dugu espero beteko dituztenik. Niri ez badidate aukerarik ematen, neure kabuz aurkitzen ditut. Ez naiz zain egoten. EZB Enplegurako Zentro Berezira joaten banaiz eta ez badidate lanik eskaintzen, ez naiz geldi geratuko. Eskolan aldapatxo bat falta bazait, neuk hartuko dut hori aldatzearen ardura. Ez naiz egunero instituzioei ate-joka ibiliko.
Lan munduan eragin nahi duzu bereziki. Zergatik?
Okerren dagoen alorra delako. Pertsona elbarri bat lanean hastean, traba asko topatzen ditu. Enpresetan EZBak ditugu, eta oso funtzio sozial ona betetzen dute. Baina tristea da potentzialtasuna duen pertsona bat, elbarria delako, halako zentro batean aritu behar izatea. Eta are tristeagoa zentro horiek enpresa bilakatu izana.
Enpresa askok hitz egiten dute erantzukizun sozial korporatiboaz. Errealitatea bestelakoa da. Gehienek —ez guztiek— nahiago dute diru kopuru bat pagatu pertsona elbarriak kontratatu baino. Eta kontratatzen dituzten askok espekulazio hutsagatik egiten dute: ez dute pertsona bat kontratatzen, onura fiskal bat baizik. Baina gero denak dira inklusiboak. Alternatiba bat badagoela da zabaldu nahi dudan mezua.
Eta zein da alternatiba hori?
Zirkulu horri uko egitea eta erosotasun eremutik irtetea, zerbait hobea bilatzeko. Autoestimua indartu, ekimena izan eta eta ekintzailetasunari tiratzea.
Nola irudikatzen duzu mundu ideal bat?
Mundu ideala hau da, bizi garena. Hori uste dut nik. Norberak sortzen du bere mundu perfektua.
Baliabiderik eta dirurik ez duenak ere bai?
Ekonomiak asko eragiten du; ukaezina da. Argentinan, pertsona elbarriak limosnara kondenatuta daude. Han ez dago pentsiorik eta enplegurako zentro berezirik. Diruak eragina du, baina ez da dena, inondik inora. Mediku onenak izanda ere, mentalki prest egon ezean, ez dago ezer egiterik.are
No hay comentarios:
Publicar un comentario