jueves, 5 de diciembre de 2013

«Oso inportantea da hitz egin ahal izatea, bestela bigarren maila batean geratzen zara»


HITZALDIA GAUR - JOXE MANUEL MANZISIDOR `BUDY´
Garun paralisia du Joxe Manuel Manzisidor `Budy´k. Liburu bat idatzi du `Garun paralisia daukat, baino ez nago gaixorik´ izenekoa. Gaur hitzaldia emango du Biterin, 19:00etan, Koxka elkarteak antolatuta.
2013/12/05 - Osteguna
Abenduaren 3a zen Desgaitasunaren Eguna. Zer egin zenuen egun hartan? Zer egin behar du jendeak egun horretan?
Egunero egiten duguna. Diskapazitatuak gara urteko 365 egun guztietan. Zer­tarako balio du abenduaren 3an guri hainbeste kontu egiteak, gero hurrengo egu­nean ez badigute kasurik egiten? Aurreko eguneko berberak gara.

Liburu bat atera duzu, zure bizitza kontatzeko. Nola sortu zen liburua, nola idatzi zenuen, zer garrantzia du zuretzat. ASPACEn jarri ziguten lan hori 17-18 urte nituela. Eta, urte horiekin hiruzpalau orri nahikoak dira zure bizitza osoa kontatzeko. Baina nik gorde egin nuen lan hura, eta neure lehen ordenagailua 30 urterekin erosi nuenean, pixkanaka jarraitu nuen idazten, baina ez liburu bat ateratzeko asmoz. Eta 25 orri idatziak nituela, lagun batek esan zidan: `Budy, zergatik ez dugu hitz egiten idazle batekin, lan honi txirbila ateratzeko?´ Eta Jasone Osororekin hitz egin, eta urte eta erdian atera genuen liburua.
Zer topatuko dugu zure liburuan? 
Tipo normal baten bizitza, baina muga jakin batzuk dituen tipo normal bat. Txikitan jolastu eta pikardiak egin. Gaztetan, pila bat txori buruan eta topera bizi, eta heldua izatean ONCEn lan egin eta pisu bat erosi `mundu guztiak´ bezala, komatxo tartean esanda. Meritua? Nirekiko ez. Nik egin nuen mundu guztiak normalean egin ohi zuena. Aber, oso fuertea da hainbeste muga dituen tipo bat, bakarrik bizitzen hastea. Halakorik ez da sartzen jende `normalen´ eskemetan, baina nik eta neure familiak oso posible ikusten genuen.

Liburuan diozu, Superman bazina, super-botere bat nahiko zenuela: hitz egitea. Ezin hitzik egitea da zure trabarik handiena? Nola gainditu?
Oso inportantea da hitz egin ahal izatea. Bestela, bigarren maila batean gelditzen zara. Adibidez, Hernani guztiak ezagutzen du Kike (barkatu Kike adibidetzat hartu zaitudalako)eta seguru nago jendeak ez duela ikusten ni bezain diskapazitatua (Kike, zuzendu zaidazu, mesedez, oker banago). Kikek badauka tertulia batean sartzerik, edo kalean edonorekin hitz egiterik. Orduan, zail da jendeak Kike ikustea ni bezain diskapazitatua: nik ez baitut hitzik egiten.

Zure liburuan pertsona ugari datoz: zure familia, lagunak... Zein dira zure bizitzan eraginik handiena izan dutenak?
Ama eta familia; batez ere ama, berau izan da jaiotzetik gehien estimulatu nauena; eta hori gauza guztietan, eta jende guztiaren kontra: se­narra, ahizpak, koinatak, baita Zumaiako herri guz­tiaren kontra ere. Ezin zaio dirutan ordaindu.

Liburuari jarri diozun izenburua da `Garun paralisia daukat baina ez nago gaixorik´. Nola ikusten duzu zuk zeure burua.
Aber, hiru pertsonetatik, bat beltza bada, bestea hile-horia eta hirugarrena hile-gorria, zein dago gaixorik? Inor ere ez, halakoxeak dira. Gauza bera gertatzen da gurekin: halakoxeak gara. Zenbait gauzetan besteren laguntza behar dugula? Konforme. Baina besterik ez.

Jendeak nola ikusten zaitu?
Hitzik egiten ez nuenez, Zumaian uste zuten atze­ratua nintzela, eta jendeak ez zidan hitz egiten. Eta hori ONCEn 20 urtez lan egin eta gero, eta diruaren kanbioak emateko burua behar nuelarik!

Zer egiten duzu, baten bati `anormal´ edo `subnormal´ entzuten diozunean?
Paso egiten dut. Azkenean, `kailoa´ egiten zaizu.

Nola ikusten zaituzte zure ilobek?
Ni ikusten naute osaba be­zala, eta puntu. Nire anai arrebek txikitatik hala era­kutsi diete.

Heziketa kontua da, hortaz? 
Bai horixe.

Nola hartu du jendeak zure liburua? 
Zumaian nire liburua izan zen: sekulako bonba. Jen­deak ez zuen uste, kapaz izango nintzenik. `Joxe Ma­nuelek liburu bat eskribitu?! Baina, nola?´

Urte asko eman dituzu Zumaian etxekoekin, eta gero etxetik joan zinen. Ez zinen beldur? Lehen esan dut nik eta neure familiak posible ikusten genuela neuk bakarrik bizi ahal izatea. Beldurra banuen bai; baina baita kalera irten eta teila bat buru gainera erortzeko beldurra ere. Eta halere lasai irteten dugu kalera, arrisku horretan bat ere pentsatu gabe.
Zumaiarra zara, eta zeuri esker barrera arkitektoniko zenbait kendu izan dira, herrian. Non dago sekretua? Nola lortu duzu?
Ni 15 urterekin hasi nintzen lata emanez. Ordura arte ez zegoen ezer ere. Nork bere beharrak eskatu behar ditu. Nik ez dut inoiz ere semaforo akustikorik eskatu; behar bada egoista izango naiz, baina nola ondo ikusten dudan...

Zure ustez, Hernani bezalako herri bateko bizi kalitatea neurtu liteke zenbat arranpla eta gainerako baliabide irisgarriak dauden arabera?
Bai. Alegia, neurtu behar da ea edonor iritsi daitekeen dendetara, tabernetara, ban­ke­txetara, establezimendu publikotara eta abarrera.

Zer aholku ematen diozu Hernaniko Koxka elkarteari?
Segi dezala lata emanez. Barkatu, segi `dezagula´.

Zure ustez, zer aportatzen dio gizarteari, diskapazitate psikikoa duen pertsona batek?
Kariñoa.

Zuk baduzu zeure blog propioa, eta, besteak beste, salatu egiten dituzu barrera arkitektonikoak, Gobernuak mendekotasunerako eginiko errekorteak... Zein da zure borroka?
Jendeak ikus dezala dis­kapazitatuen errealitatea, oro­korrean hartuta. Hemen, oraingoz, ondo gaude, baina Valentzian-eta beltzak eta txuriak ikusten ari dira.

Nola eragin dizute Gobernuaren errekorteek?
Niri neuri ez, baina IZA zentroan dagoeneko igartzen dira errekorteak.

Mediku frantses askok diote, diskapazitate psikikoa duen pertsona batek ezin duela bi hizkuntza ikasi, eta horregatik frantsesa besterik ez diete irakasten. Ezagutzen duzu euskara eta erdara manejatzen dituen pertsona bat?
Bai: Onintza Korta `Ta­lo´-nekoa. Irakurri izan dut zure lagun batek, Telmo Iruretak, garun paralisia duela: ezin du oinez ibili, eskuak mugitzeko zailtasun handiak... Eta entzun dut magis­terioa euskaraz egin zuela, eta ingeles filologia ikasten ari dela. Egia da? Bai.

Zer da maitasuna? 
Norberak bestearengan era­bateko konfiantza izatea, edo hor nonbait.

Bukatzeko, hiru eskaera.
Zer eskatzen diozu bizitzari?

Osasuna 

Zer eskatzen diozu jendeari?
Errespetua 

Zer eskatzen diezu gobernuei?
Sentsibilitatea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario