miércoles, 21 de diciembre de 2011

HITZA

Urola Kostako Hitza


Hitz egiteak berebiziko garrantzia du. Batez ere, horretarako aukerarik ez duenarentzat. Baina garrantzia handiagoa du entzun ahal izateak, besteek komunikatu nahi dutena aditzeko, baita
zuk adierazi nahi duzuna entzuna izateko ere. Egun, ordea, ez da besteek diotena entzuteko denborarik hartzen, ez dago horretarako «pazientziarik». Inguruan gertatzen denak, presak, interes faltak… eragozten du besteek esandakoa entzutea. Eta lagunak hitz egiteko arazoak baditu, are eta pazientzia gutxiago izaten da harek kontatu nahi duenari kasu egiteko.
Hori gertatu izan zaio Jose Manuel Manzisidor Budy-ri urte askoan. Garun-paralisia du zumaiarrak, baina horrek ez dio eragotzi bere egoeran zailak izan daitezkeen gauzak egitea. Budy-k, arazoak arazo, jende askorekin hitz
egiten du. Baina modu telegrafiko batean. Esaldi bat elkarrizketatzaile bakoitzeko. Harentzat ez da nahikoa, hala ere. Budyk beti du hitz bat gehiago esateko gogoa eta beharra. Aukerak, ordea, gutxi.
Horrek bultzatu du Tengo paralisis cerebral. Pero no estoy enfermo liburu biografikoa idaztera. Herenegun aurkeztu zuten liburua Alondegiko Oxford aretoan, eta jende ugari bertaratu zen. Jasone Osoro kazetariak lagundu dio erredakzio
lanetan, eta bertan bere barruko mundua azaleratu du Manzisidorrek.

Ez da mutua
Osororen esanetan, Budy ez dago gaixorik, eta ez da tontoa. Muga bat du, baina, batez ere, hutsune handia dauka: jendeak ez du entzuten, eta berak espresatzeko behar handia du. «Ezin du hitz egin, baina ez da mutua. Komunikatzen du, bere erara, begiraden, soinuen bitartez», nabarmendu zuen kazetariak.
Komunikatze ahalegin horretan, ordea, beste muga batekin egiten du topo egunero: aurreiritziak dituzten pertsonak. «Liburua idazten laguntzean ohartu naiz orokorrean aurreiritzi gehiegi ditugula, eta, batez ere, desberdinak diren pertsonekin. Horiek jartzen dizkigute mugak guri; aurreritziek, alegia», azaldu zuen Osorok.
Berak aurreiritziak alde batera utzi eta Manzisidorrekin buru belarri lanean jardun du, bai aritu ere; izan ere, interprete lanetan aritu da: «Hasieran bere bizitzan zehar bidaia moduko bat egitea proposatu nion, baina oso esaldi motzak atera zitzaizkigun, idazkera oso telegrafikoa zen. Orduan, haren hitz laburrekin zer esan nahi zuen zehaztea izan da nire lana. Lerroarteko komunikazioa interpretatzea, alegia».
Hala, biografia «ausarta eta aproposa» osatu dute bien artean «Budy biluztu egin da biografia honetan; bere akatsak, beharrak eta beldurrak atera ditu. Harropuzkeria puntua ere erakutsi du, nork bere bizitza kontatzeko ausarta izan behar baita, eta Budy hala izan da».
Budy-ren lagun Jon Ander Garciak gainbegiratu du haren ikasle Garazik burututako diseinua. Garciak aspalditik ezagutzen du Budy, baina liburua irakurri ostean, «sospresa» eraman duela aitortu zuen biografiaren aurkezpenean: «Liburuaren zirriborroa irakurtzeko aukera izan nuen, eta harritu egin ninduen. Benetako hitzak ageri dira bertan. Asko ikasi dut Budy-ri buruz, baina, batez ere, nitaz. Gauza asko gainazalean uzten ditugula ohartu naiz, ez dugula hausnartzen. Esperientzi ikaragarria izan da harekin lan egitea».
Amari eskerrak
Joseba Osak, liburuaren editoreak ere «sorpresaz» irakurri du lana, nahiz eta txikitatik ezagutzen duen, eta «oso aberasgarria» dela nabarmendu du. Izan ere, Osaren arabera, liburuak irakasgai garrantzitsua du: «Bizitzan polikiago joan behar dugu, garrantzia duten gauzei bai, baina xehetasunei ere erreparatuz. Pazientzia izan behar dugu, eta elkar komunikatu behar dugu».
Ekitaldia amaitzeko, Budy-k neurrigabe miresten duen Mariano Ferrer kazetariak liburuko protagonistak propio idatzitako testua irakurri zuen. Idatziaren bitartez eskerrak eman zizkion Budy-k amari. Irakurtzen eta idazten erakusteagatik eskertu zuen amaren laguntza, baina batez ere, harekin gogor jokatzeagatik, gaixo bat bezala ez tratatzeagatik. Bestalde, biografia bere egoera antzekoan daudenei laguntzeko asmoz osatu duela adierazi zuen, «animatzeko». Era berean, jendeak ezagutu dezan; zumaiarrek, batez ere. Izan ere, berak dioen bezala, «gizon normala» da, «muga jakin batekin».

No hay comentarios:

Publicar un comentario